15 mai BCLMren 2018-2021 Estrategia Plana onartu da
2017an zehar, Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Federazioaren –Basque Country Logistics and Mobility Federation, BCLM– sortze-bazkideek Estrategia Plana diseinatu zuten. Helburua zen Estatutuen 6. artikuluan jasotzen den misioa garatzea: “Euskadiko administrazio publikoei laguntzea, Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Estrategia garatzeko, enpresa-ehunaren lehiakortasuna sustatzeko eta nazioarteko merkatuan posizionatzeko”.
Plana diseinatzeko, BCLMk sektoreko eragile nagusien eta adituen laguntza jaso du. Urte amaieran, osoko bilkura egin zen. Hainbat eremutako 50 profesional baino gehiagok parte hartu zuten, eta planean parte hartu duten guztien ekarpenak bateratu ziren. Lan horri guztiari esker, lankidetzaren eremuko aukerak eta erronkak zehaztu genituen.
Hala, anbizio handikoak baina bideragarriak diren erronketan, ildo estrategikoetan eta jardueretan ardaztutako egitura ezarri du. Plana erakundeak jorratu beharreko bi barne-erronketan eta 4 sektore-erronketan egituratzen da.
Barne-erronken artean daude BCLM egonkortzea eta sektoreko balio-kateetan engaiatutako eragileen aitorpena lortzea. Erronka horiei aurre egiteko, bazkide den erakunde bakoitzak bere helburuak eta iraunkortasuna garatzeko ahalmena izan behar du. Izan ere, federazioa sendoa izateko, haren bazkideak sendoak eta dinamikoak izan behar dira. Era berean, “herrialdearen aldeko erronkak” identifikatu behar dira, hala nola EAEren mugikortasun eta logistikaren eremu ia guztiei eragingo dien abiadura handiko trenaren ondorioak.
Barne-erronka horiek berezko langile-egiturarik gabe garatuko dira, erakunde sustatzaileen baliabideetan oinarrituta. Horrela, gainera, lankidetza, ekintzen koordinazioa eta baterako ikuspegia sustatzen dira.
Planak kanpora begiratu, eta sektore osoari eragiten dio. Lau erronkaren bidez gauzatzen da: sektorearen berrikuntza teknologikoa eta ez-teknologikoa bultzatzea, multimodalitate eraginkorra garatzea, Basque Country logistika eta mugikortasunaren sektoreak munduan ezagutaraztea eta prestakuntza eta talentuaren garapena sustatzea. Erronka horiek 13 ildo estrategikoren bidez xedatuko dira. Estrategia-plan osoa hemen kontsulta daiteke.
Behin plana martxan jarrita, Federazioak barne-funtzionamendurako araudia zehatu eta onartuko du. Dokumentuak Zuzendaritza Batzordea berritzeko eta beste erakundeak eratzeko mekanismoak ezarriko ditu.
Sektoreka, Estrategia Plana bazkide diren erakundeen lanerako abiapuntua da. Horretan, erakunde bakoitzak modu koordinatuan eta sektorearen garapenera bideratuta burutu beharko ditu bere jarduerak, aurreikusitako erronkei erantzute aldera.
Plana martxan jarri ondoren, Euskadiko mugikortasun- eta logistika-politiken arteko koherentzia sustatuko duen antolaketa aktibatzea da helburua, gainontzeko sektore industrial, komertzial eta sozialen garapena ahalbidetzen duen nahitaezko sektorea izateko eta berezko nortasuna eta xedeak dituen sektore bilakatzeko